Urkulu mendiko erromatar dorrea

Mendi ibilaldi hau egin beharra dago, Iratiko Oihanera gatozenean, historiaz ederki jantzirik baitago, gainera. Erromatar aztarnak kasko baten gainean ikustea sari ederra da eta ez genuke aukera galdu beharko.

Azpegiko soroetan  aunitz dira aztarna megalitikoak. Horregatik, zenbait bidexka zirkular balizatu dira inguruetan. Mendi-lepo hori baino lehentxeago aparkatu eta ipar-ekialdera joko dugu, Etzangioko etxoletarantz; hurbil daude (1. argazkia). Urkulu mendiaren oinarriko aldapa latzei helduko diegu Aramuñun, eta poliki-poliki, ezkerraldera eginen dugu, goialdeko harkaitzak saihesteko. Kaskoa mendi batek ezkutaturik dago, eta maiz, lainoek ere bai. Hortaz, lehen zailtasun hori inguratuko dugu, horixe baita zentzuzkoena behera ez jaisteko. 200 m inguruko desnibela igoko dugu, eta lainoak aukera ematen badigu, kaskoaren gainaldea ikusiko dugu. Oraindik ez, ordea, tontor gaineko erromatar aztarnak, dorrea, alegia.

MENDI-HEGALEKO XENDAK

Mendi-hegaletan barna joanen gara, aziendak egindako xendetan, alderik goreneko harkaitzetan ez sartzeko, kaskotik hurbil dagoen mendi-leporaino. Helburua bistan dugula, biderik argienak harturik, tontorreko bizkarrera iritsiko gara; lehenik, dorrearekin batera omen zeuden hormen aztarnak pasatuko ditugu (zelatarien bizilekua, omen). Alderik gorenean, dorrearen aztarnak daude. Ederki ikusten da zirkularra zela, ziurrenera jatorri erromatarrekoa da eta oroitzapenezko xedeetarako eginen zuten. Trophaeum motakoa da.

SOROLUZEKO TRIKUHARRIA ETA GR11

Ibilbide beretik ez jaisteko, bi kaskoen arteko lepotik hegoaldera joko dugu mendian beheiti Otsarrin barna, xendarik argienak harturik, altuera berehala galdurik. Gero, bide itxura handiagoa duten tarteak aurkituko ditugu, azkenean Orreagatik eta Lepoedertik heldu den  GR 11ren marka zuri-gorriak topatu arte. Hegoalderantz joko dugu bidexka balizatu horretan barna Soroluzeko Leporaino eta, handik metro gutxira, Soroluzeko trikuharria aurkituko dugu. Ongi kontserbaturik dago eta Gorosti elkartearen identifikazio-xafla ere badu. Metro gutxira eskuinaldera ere badira aztarna megalitiko katalogatuak.  Trikuharriaren ezkerretara dagoen bide nagusira itzulirik, bide argi batek eramanen gaitu Azpegiko eta Etzangioko sakanean beheiti, pagadi txiki bat gurutzaturik, harik eta berriz ere hasierako etxoletara iritsi arte (1. argazkia). Azken errekastoaren gainetik egin beharko dugu jauzi, Azpegin utzi dugun autora berriz ere igotzeko.

Luzera: 6,4 km
Desnibela: 350 m
Xenda hegal erdian. Zailtasunik handiena Azpegin lainoa topatzea izan daiteke.

NOLA JOAN AUTOZ abialekura:

Google Mapsek markatzen ez badu ere eta lehenago bukatzen bada ere, errepide meharra Azpegiko (Urkulura joateko) eta Organbideko (Arpeara joateko) lepoetaraino igotzen da eta Orbaizetako Olan ongi seinaleztaturik dago.


Partekatzea:
Share