Orreaga

Orreaga-Roncesvalles

Orreaga da, beharbada, Donejakue bideko lekurik adierazgarriena, betiere Santiago de Compostelaren ondotik. Bortz kontinenteetako erromesak iragaten dira, beren bideari Europako karrika nagusian helduta.

Cruz de los Canónigos en el Camino de Santiago en Auritz/Burguete

Orreagak kutsu paregabeaz dago jantzirik; badu historia, elezaharra, kultura eta artea. Leku aipagarria zinez, erromes gehienek Orreaga aukeratzen baitute Espainian Donejakue Bideari lotzeko. Ospetsua da, halaber, Karlomagnoren porrot mitikoa hantxe gertatu zelakoz, hainbertzetan kantatua eta kontatua. Toki ederra da, Nafarroako Pirinioen erdian, pagadiz, hariztiz eta izeidiz inguraturik, eta horrez gain, Erdi Aroko arkitekturaren adibide bikaina. Han, Antso VII.a Azkarra datza.

Kokapen estrategikoa du Pirinioak zeharkatzeko. Ondorioz, berezko pasabidea izan da ibiltariendako behialako garaietatik. Era aunitzetako kulturen elkargunea. Ahozko tradizioaren arabera, hantxe gertatu zen Karlomagnoren armadaren porrot tragikoa, 778. urtean. Izan ere, Zaragoza hartu ezinik, atzera zihoalarik, eta Iruñeko harresiak suntsitu ondoren, Roldan zalduna eta armada frankoaren atzeguardia osoa zapaldurik gertatu ziren. Gertakaria “Chanson de Roland” ospetsuan bildu zen, hots, XI. mendearen bukaerako olerki epikoa da, frantses zaharrean idatzia, Turoldo izeneko fraide normandiar batek ondua omen.

Ez dakigu egiaz noiz hasi ziren erromesaldiak, baina Santiagorekiko gurtza IX. mendean hasi zen. Erromesen joan-etorria segurtatze aldera, 1127an, Iruñeko apezpikuak (Sancho de la Rosa) kofradia bat sortzea erabaki zuen ibiltariak artatzeko. XIII. eta XIV. mendeetan garatu eta hedatu zen gehienik.

MONUMENTU MULTZOA

Egun Orreagara iristen diren erromesek eta bisitariek historiaz eta monumentuz jantzitako gune zoragarria aurkituko dute, balio handiko eraikinak baitaude, hala nola Kolegiata, XII. mendearen akaberan eta XII.aren hasieran eraikia. Priore Etxeraino eta Museo Liburutegiraino eramanen gaituen zelaiaren ondotik, tunel txiki bat zeharkatuko dugu eraikinik adierazgarrienetan sartzeko. Santa Maria Kolegiatako eliza gotiko frantsesaren adibide eder-ederra da eta, hain zuzen, Orreagako Andre Mariaren XIV. mendeko irudi bat da buru elizako aldare nagusian.

Klaustrotik San Agustin kaperan sartuko gara, eta hantxe, Antso VII.a Azkarraren hilobia dago. Han ere mazoak eta kateak daude, hots, elezaharraren arabera, nafar erregeak Miramamolini kenduak Navas de Tolosako guduan (1212).

Multzo osoko eraikinik zaharrena Espiritu Sanduaren kapera erromanikoa da (Sancti Spiritus), XII. mendekoa, baina Karlomagnoren siloa erraten zaio. Ondoan, Done Jakueren eliza dago. Museoan, gainera, zenbait bitxi artistiko daude, oro ikusgarri. Haien artean, Karlomagnoren Xakea; egia errateko, erlikia-ontzi bat da, Erdi Aroko esmaltegintzako piezarik onenetako bat, adituen iritziz.

IInformazio ugaria baino ugariagoa duzue eskura Orreagako Kolegiataren web ofiziala, bai eta datu praktikoak ere. Baina hemen helbideak eta telefonoak utziko dizkizuegu, hona etortzea pentsatzen ari bazarete ere. Ez galdu bideo hau ikusteko aukera, Orreagan zer dagoen ikusten hasteko. Eta gogoratu gure elkarteko etxe aunitz leku zoragarri horretatik hurbil-hurbil daudela.

KOLEGIATA:

Telefonoa: 948 760 000

E-posta: info@roncesvalles.es

Turismo Bulengoa

Telefonoa: 948 760 301

E-posta: oit.roncesvalles@navarra.es

 


Partekatzea:
Share