Paisaietako soinuak – Luzaide
Entzun ezazue Irauzketako Grazianaren audio interesgarria. Emakumea Luzaiden bizi izan zen, XVI. mendean.
Luzaiden ageri zaigun pertsona Graziana izeneko emakume bat da, Irauzketa etxearen jabea, 40 urte ingurukoa. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko agirietan erraten da emakume horrek Irauzketa izeneko ostatua zeukala. Hori dela eta, kontakizuna Erdi Aroan kokaturik dago eta egiazki bizi izaniko emakume hori dauka oinarri.
Ongi erraten den gisan, Luzaiden beti ostatu anitz izan dira, herria arras loturik egon baita bideari, eta zerbitzua eman zaio bidean barna zihoan jendeari. Beheitiko bidea, herria gurutzaturik, Orreagaraino igotzen da, ibar zolan goiti. Gaur egun bezala, bide hori seguruagoa da goitiko bidea erraten zaiona baino, azken hori bortuetako alderik gorenean barna baitoa, Astobizkar mendian gaindi, Orreagaraino. Maiz, hertsirik egoten da, elur-erauntsi handiek bidea eragotzirikta. Hori dela eta, gaur egun bezala, Erdi Aroan ere, jende gehienak herria zeharkatzen duen bidea erabiliko zuen; neguan, batez ere.
Aranzadi Zientzia Elkartearen azken ikerlanei esker, egiaztatu da erromatar galtzadak Luzaide zeharkatzen zuela antzinaroan, egungo errepidetik arras hurbil. Izan ere, arkeologiak azaleratutako aztarnek ederki erakutsi dute erromatarrek eragin handia izan zutela inguru honetan; hortxe daude, konparaziora, galtzadaren ibilbidea markatzen zuten miliario izeneko harriak, edota ibarreko hormetan beretan landutako erromatar galtzada bera. Oroitzapen horrek, hain segur, luze iraunen zuen historian, galtzada anitzez geroago ere erabili baitzen. Horregatik, gauza hori urruneko oroitzapen baten gisa irudikatu nahi izan da istorioan.
Izan ere, Karlomagno frantses erregeak galtzada horixe bera erabili zuen 778an baskoien erasotik ihes egiteko. Xabier Irujoren ikerlanei esker (Euskal Ikerguneko zuzendaria da Nevadako Unibertsitatean, Renon, AEBn), berrinterpretatu da zer gertatu zen Orreagako Guduan, 778an. Iduri duenez, azken ikerlanen arabera, gudua Luzaiderat jaisten den bidean beheiti gertatu zen. Gertakaria, geroago, Chanson de Roland izeneko kantan kontatu zen. Ziurtasun osoz, erran daiteke gertakariak luzaz iraunen zuelakanta Luzaideko jendearen oroitzapenean, zaharrengandik gazteengana belaunaldiz belaunaldi iraganik.
Erdi Aroan, Santiagora joateko erromesaldi ezaguna hasi zen, eta hortik heldu da Donejakue Bide ospetsua. Beste behin ere, Luzaide arras loturik dago bidearen historiarekin, bai eta goiti eta beheiti doazen ibiltariekin ere. Santiago Nagusia Jesukristoren apostolu nagusietako bat izan zen. Bada, haren gorpua Hispaniara eraman eta Gallaecian kokaturiko hilobian ezarri zuten. Hilobia geroago aurkitu zen, 820 urte inguruan. Haren gainean, tenplu bat eraiki eta Erdi Aroan handitu zen, harik eta egungo Santiagoko katedrala eraiki zen arte. Apostoluarenganako gurtza zabaldu, eta jende anitzek ibilbidea egin zuen Erdi Aroan haren gorpuzkinak bisitatzera joateko, hezurrek Jaungoikoarenganako bitartekaritza egiteko ahalmena zutelakoan. Bidearen ospea Europa osora hedatu zen eta, bazter guztietan, azpiegitura sare zabala sortu zen erromesei laguntza eta ostatua emateko. Ibilbidean, Orreagako kolegiatak nolabaiteko garrantzia hartu zuen, eta gero eta eraikin gehiago egin ziren, erromesek eragindako eskari handiari ongi erantzuteko, Europa guztiko erromesak heltzen baitziren Donejakue Bidean barna. Gaur egun bezala, erromes anitzek Luzaide gurutzatzen zuten eta, segur aski, herriko ostatuetako batean hartuko zuten ostatu
Mendez mende, Luzaidek lotura handia izan du bidearekin, ibarraren oinean baitago; hortaz, arrunt kokapen estrategikoan. Gaur egun ere funtsezko gunea da Donejakue Bidean, erromesek bidean topatzen duten Nafarroa Garaiko lehen herria baita, Donejakue Bidetik Santiagorat abiatzen direlarik. Gainera, Erdi Aroan gertatzen zen bezala, egun ere ostalaritza-eskaintza zabala dago bisitariendako; hortaz, Luzaiden pausaldia egitea arras gauza erakargarria da bidaiariendako.
Gainera, 778 Luzaide/Valcarlos erakusketa zentroa, zabaldu berri da, bisitariek eta interesa duten guztiek ibarrotako historiaz, usadioez eta folkloreaz gehiago jakiteko. Agerikoa denez, arlo horiek guztiak biziki aberatsak eta interesgarriak dira gure inguruan.
ARGIBIDEAK:
IRUJO, Xabier. 2018. 778: La batalla de Errozabal en su contexto histórico. Biblioteca de Cultura Vasca. Editorial Vasca Ekin Argitaletxea. Buenos Aires.
PARTE-HARTZAILEAK:
Gure esker ona adierazi nahi diogu Suberri Matelo Mitxelenari, gaia ikertu eta kontakizuna sortzen lagundu digulako.
SUBERRI MATELO MITXELENA (1992, Oiartzun).
2012az geroztik, Historian graduduna, Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da, eta arkeologia nahiz etnografia ondareari lotutako hainbat proiektutan lan egin du. 2015etik honat, Zaldua eta Artziko erromatar indusketa-lanetan ari den taldeko kidea da, uda partean. Era berean, Luzaideko 778 Erakusketa Zentroko komisarioa izan da. Zentroa 2017ko udaberrian zabaldu zen.
Mila esker jatorriz luzaidarra den Ainara Landa Irozi ahotsa kontakizunerako uzteagatik.
Gure esker ona ere Ohiane Mendizabal Aranzadiko kideari, kontakizun honetan.
Luzaideri, paisaiei buruzko kartela paratzeko lekua uzteagatik eta proiektu hau egiteko nahi hainbat erraztasun emateagatik.
Zatozte interpretazio zentroa ikustera, eta istorio hau eta beste hamaika ere ikasiko dituzue.