Ibilbide errazak Iratiko Oihanean

Iratiko Oihaneko paisaiak eta natur aberastasunak aukera sorta izugarria eskaintzen digute mendirako, bidez bide edozein urtarotan oinez eta BTTn ibiltzeko. Batetik, familian egiteko ibilaldi eta zeharkaldi erraz-errazak, eta bertzetik, igoera zorrotzak mendi kasko ospetsuetara.

Hamasei bidezidor daude argi eta garbi balizaturik zuri-berdean; beraz, aukeratu haietako bat eta hasi ttipi-ttapa, horixe baita pagadi-izeidi zabal honetan gordeak dauden sekretuak aurkitzeko modurik onena. Bidezidor bakoitzak bere hasiera-panela du, 10 km-koak dira gehienez, eta oro har, egokiak dira jende guztiarendako.

Leku paregabe honek, gainera, hiru gune babestu ditu: Mendilazko Natur Erreserba, Orbaizetan. Badago 14 km-ko xenda bat gune hori inguruz inguru egiteko, zailtasun handirik gabea; Tristuibartea Natur Erreserba, Hiriberrin (Aezkoa); eta Lizardoiako Erreserba Integrala, interes ekologiko handikoa, hots, 7 km-ko ibilaldian iritsiko zara haraino, Irabiako urtegiaren bukaeratik abiaturik.

Iratiko Oihaneko alderik mendebaldekoenean dauden ibilbide eta bidezidor batzuk proposatuko dizkizuegu, gure landetxe gehienetatik hurbil-hurbil. Goza itzazu!

Embalse de Irabia en la Selva de Irati

DESKARGATU IRATIKO OIHANEKO MAPA ibilbideak ikusteko (A3 inprimagarria)


1. SL-NA53C HB IRABIAKO ITZULIA

foto de sumario
Urtegia inguratzen duen betiko ibilbidea da. Irabiako urtegiko hormatik hurbil dagoen aparkalekutik (830 m) inguratuko dugu urtegia ipar ertzetik doan pistan barna. Kontrasarioko zubia gurutzatu eta ekialdeko ertzera joko dugu. Itzulera, berriz, zubitik eta Plaza Beuntzako Bidea tokiko bidezidorretik (2. ibilbidea).

2. SL-NA52C PLAZA BEUNTZAKO BIDEA

foto de sumario
Ibilbide ederra, jende guztiak egiteko modukoa, Irabiako urtegiaren hegoaldeko ertzean barna (Iratiko Oihana). SL-NA52C ibilbidea eta urtegiari itzuli osoa ematen dion 53C bidezidorra uztartuko ditugu urtegiko mihietako bat gainditzen duen oinezkoendako zubira iristeko. Goiko pista batetik itzuliko gara.

3. URKULU MENDIA AZPEGITIK

foto de sumario
Azpegiko soroetan aunitz dira aztarna megalitikoak. Horregatik, zenbait bidexka zirkular balizatu dira inguruetan. Mendi-lepoa baino lehentxeago aparkatu eta ipar-ekialdera joko dugu, Etzangioko etxoletarantz; hurbil daude, baina oraindik ez dugu gure helburua ikusiko, Urkulu, alegia.


4. ARPEAKO LEIZEA

Cueva de Harpea en la Selva de Irati en Orbaizeta
Organbideko lepotik doan bidea asfaltatua dago; beraz, leize bitxi horretara hurbiltzeko bide gehiena asfalto gainean eginen dugu, baina ez galdu bisitatzeko aukera, zoragarria baita ikustea nola dagoen amildegian hondoratua.

5. SL-NA54C PARADISUAK ERLAN

foto de sumario

Ibilaldiak Paradisuak zeharkatzen ditu, hau da, pago lerdeneko inguruak. Urtegia inguratzen duen pistan hasten da ibilbidea. Bigarren Paradisura iristean, bidetik atera eta bidexka bat hartuko dugu, Mozolotxikiren hegal batetik gozo-gozo igotzen dena. Pagadiko bidea erraza da eta desnibel gutxikoa.

6. SL-NA51C AZALEGI ETA SAN ESTEBAN

foto de sumario

Arrazolako Informazio Gunetik abiaturik, bidezidor balizatuak ibarrean goiti egiten du Orion aldera, pistarekin eta errekarekin paraleloa den pistan gora. Orionziloko askan, bidea oihanetik atera eta bazkalekuetan goiti egiten du Azalegiko kaskoraino.

Partekatzea:
Share