Entzun ezazue Irauzketako Grazianaren audio interesgarria. Emakumea Luzaiden bizi izan zen, XVI. mendean.
Luzaideko Soinu paisaia
Luzaiden ageri zaigun pertsona Graziana izeneko emakume bat da, Irauzketa etxearen jabea, 40 urte ingurukoa. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko agirietan erraten da emakume horrek Irauzketa izeneko ostatua zeukala. Hori dela eta, kontakizuna Erdi Aroan kokaturik dago eta egiazki bizi izaniko emakume hori dauka oinarri.
Ongi erraten den gisan, Luzaiden beti ostatu anitz izan dira, herria arras loturik egon baita bideari, eta zerbitzua eman zaio bidean barna zihoan jendeari. Beheitiko bidea, herria gurutzaturik, Orreagaraino igotzen da, ibar zolan goiti. Gaur egun bezala, bide hori seguruagoa da goitiko bidea erraten zaiona baino, azken hori bortuetako alderik gorenean barna baitoa, Astobizkar mendian gaindi, Orreagaraino. Maiz, hertsirik egoten da, elur-erauntsi handiek bidea eragotzirikta. Hori dela eta, gaur egun bezala, Erdi Aroan ere, jende gehienak herria zeharkatzen duen bidea erabiliko zuen; neguan, batez ere.

Izan ere, Karlomagno frantses erregeak galtzada horixe bera erabili zuen 778an baskoien erasotik ihes egiteko. Xabier Irujoren ikerlanei esker (Euskal Ikerguneko zuzendaria da Nevadako Unibertsitatean, Renon, AEBn), berrinterpretatu da zer gertatu zen Orreagako Guduan, 778an. Iduri duenez, azken ikerlanen arabera, gudua Luzaiderat jaisten den bidean beheiti gertatu zen. Gertakaria, geroago, Chanson de Roland izeneko kantan kontatu zen. Ziurtasun osoz, erran daiteke gertakariak luzaz iraunen zuelakanta Luzaideko jendearen oroitzapenean, zaharrengandik gazteengana belaunaldiz belaunaldi iraganik.

Mendez mende, Luzaidek lotura handia izan du bidearekin, ibarraren oinean baitago; hortaz, arrunt kokapen estrategikoan. Gaur egun ere funtsezko gunea da Donejakue Bidean, erromesek bidean topatzen duten Nafarroa Garaiko lehen herria baita, Donejakue Bidetik Santiagorat abiatzen direlarik. Gainera, Erdi Aroan gertatzen zen bezala, egun ere ostalaritza-eskaintza zabala dago bisitariendako; hortaz, Luzaiden pausaldia egitea arras gauza erakargarria da bidaiariendako.
Gainera, 778 Luzaide/Valcarlos erakusketa zentroa, zabaldu berri da, bisitariek eta interesa duten guztiek ibarrotako historiaz, usadioez eta folkloreaz gehiago jakiteko. Agerikoa denez, arlo horiek guztiak biziki aberatsak eta interesgarriak dira gure inguruan.
IRUJO, Xabier. 2018. 778: La batalla de Errozabal en su contexto histórico. Biblioteca de Cultura Vasca. Editorial Vasca Ekin Argitaletxea. Buenos Aires.

SUBERRI MATELO MITXELENA (1992, Oiartzun).
2012az geroztik, Historian graduduna, Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da, eta arkeologia nahiz etnografia ondareari lotutako hainbat proiektutan lan egin du. 2015etik honat, Zaldua eta Artziko erromatar indusketa-lanetan ari den taldeko kidea da, uda partean. Era berean, Luzaideko 778 Erakusketa Zentroko komisarioa izan da. Zentroa 2017ko udaberrian zabaldu zen.
Mila esker jatorriz luzaidarra den Ainara Landa Irozi ahotsa kontakizunerako uzteagatik.
Gure esker ona ere Ohiane Mendizabal Aranzadiko kideari, kontakizun honetan.
Luzaideri, paisaiei buruzko kartela paratzeko lekua uzteagatik eta proiektu hau egiteko nahi hainbat erraztasun emateagatik.
Zatozte interpretazio zentroa ikustera, eta istorio hau eta beste hamaika ere ikasiko dituzue.


