1. SL-NA53C Irabiako urtegiko itzulia

Irabiako urtegia inguruz inguru egiten duen bidea da, BTT gainean nahiz oinez egiteko modukoa (10 bat km). Bizikletaz egiten badugu, hegoaldeko bidea itzaltsuagoa da (Beuntzan barna) eta %99n ibil daiteke bizikletaz.

Urtegia inguratzen duen betiko ibilbidea da. Ibilbidea egiten hasteko, autoz iritsi beharko dugu Mendilazko desbideratzetik Irabiarantz, Arrazolako informazio gunea eta aduana zeharkaturik. Arrazolan, baimena emanen digute autoz pasatzeko, zirkulazioa arautua baitago, ibilgailu motordunetan pilaketarik ez izateko. Bide asfaltatua da baina meharra. 6 km-ren buruan, pista bukatzen den tokian, bi aparkaleku txiki moldatu dira, oihanak uzten duen tokian; beraz, onena da goizean goiz joatea aparkatzeko arazorik ez izateko.

HASIERA PRESAN

Autoa utzi ondoren, atzera eginen dugu honaino etortzeko erabili dugun bidean barna, eta urtegia iparraldetik eta hegoaldetik inguratzera doazen bidexken artean ikusiko dugu gure bidea, hau da, iparraldean, SL Paradisuak-Erlan eta gure Irabiako Itzulia, eta hegoaldeko ertzean, berriz,  SL Plaza Beunzatko Bidea. Guardetxea gainditurik, bide zabal, argi eta ziklagarria urtegiaren formara eta orografiara egokitzen da, Antxorena etxeko hondakinak dauden soilgunera iritsi arte. Lehen Paradisua igaro ondoren, eta gero, bigarrena ere pasatutakoan, bidexka urtegiaren iparraldeko bukaerara egokitzen da eta Kontrasarioko edo La Cuestión zubiaren bidez gaindituko dugu.

SL Zabaleta bidezidorreko bidegurutzera arte jarraituko dugu. Urtegia inguratzen segituko dugu, eta bidexkak zementuzko zubi batera eramanen gaitu bertze ertzera igarotzeko, eta han, ekialdeko ertzeko Guardetxea dago, egun erabiltzen ez dena. Ehun bat metroan, Iratiko Etxeetako sarreratik eta Elurretako Ama Birjinaren baselizatik heldu den pistara iritsiko gara Irabiako dikeranzko norabidean. Zubi estrategikoa da urtegiaren hegoaldeko ertzera pasatzeko.

TARTE BERDINA

Hortik aitzina, SL Beuntzako Bidearen ibilbide berbera da (gure webeko 2. bidezidorra), eta han ederki dago azalduta. Alde ospela da, mendi-hegiz beterikoa; beraz, ibilbidea BTTn egiten badugu, zerbait teknikoa izanen da: hau da, errekako pasabide guztiak ezin dira bizikleta gainean igaro, ezta eskailera batzuk ere. Beharbada, teknika hain ongi menderatzen ez duten txirrindulariek bizikletatik jaitsi beharko dute une gutxi batzuetan. Tartea ere ospelagoa da eta nekez ikusiko dugu urtegiko ura, bidea ipar ertzeko pista baino gorago doalako, eta pagoek ura ikustea galaraziko digute.  Ibilbidearen akaberan, bidexka presako hormara jaisten da eta gainetik gainditzen du; bertan, berriz ere aldapa topatuko dugu, bai eta hasierako aparkalekua ere, lehen Guardetxetik hurbil.

Luzera: 10 km
Desnibela: 80 m
BTTrako ere balio du. Zubi bakarra dago iparreko ertzetik hegoaldekora pasatzeko.

NOLA JOAN AUTOZ abialekura:

Aparkaleku txikia moldatua dago Irabiako presara iritsi baino lehen. Onena da goiz jaikitzea, aparkaleku txikia baita.


Partekatzea:
Share