Sorogain

Hayedo de Sorogain

Leku ezin hobea da egun pasa joateko. Zure bazkaria askaldegietan prestatzeko aukera izanen duzu, bai eta ibilaldi atseginak egiteko parada ere.

Naturgune oihantsua da zinez eta mugaz bi aldeetako azienda markatzeko tokia ere bai. Sorogain leku zoragarria da eta iduri du denbora gelditu egin dela. Tapiz berde zabala da, pagoz, haritzez eta mendiz inguratua, atzealdean Adi dotoreak koroatua, paradisuko betiereko zaintzailea bailitzan, 1.459 m baititu. Paradisua bai, oihan hostotsuak, soroak eta errekak paisaia zoragarria ondu baitute. Hemen, Erro erreka sortzen da, eta gurutzatzen duen ibarrari eman dio izena. 40 km egiten ditu, urak Iratira isuri baino lehen.

Sorogainen bada aisia eremu bat, bai eta taberna-jatetxe bat ere (neguko hilabeteetan itxita), inguru eder-ederrean kokatua, eta gainera, badira mahaiak, jarlekuak eta harrizko erretegiak.  Udan, su egitea zilegi den leku gutxietako bat da, askaldegietan, hain zuzen.


TXANGOAK

Adiko igoeraz gain, inguruan badira txango errazak, hala nola Odiako Pagadiaren Naturgunea, Adi eta Iturrunburu mendi kaskoetarako igoeran zeharkatzen dena. Bidexka balizatuak ere badira.

  • Sorogaingo pagadia:  1,8 km-ko ibilbidea, desnibel gutxikoa, familiartean egiteko. Taberna-jatetxetik abiaturik. Ikusi ibilbidea urratsez urrats
  • Sorogaingo ibilbide megalitikoa:  goiti doa zuzenean Aztakarriko leporaino eta, bidean, trikuharri eta harrespil aunitz ikusiko ditugu. 9,1 km. Bide beretik jaitsiko gara edo, bertzenaz, GR12 paraleloa hartuko dugu, handik metro gutxira. Ikusi ibilbidea urratsez urrats
  • Sorogain-Urepel bidea: bide gogorra, 20 bat km-koa, Sorogaingo alde frantseseko herri horretaraino jaisten dena. Puska batean, errepidez itzultzen da edo errepidearekiko bide paraleloetan barna. Gorde indarrak itzultzeko, aldapa gora nabarmena baita.
  • GR12 edo Euskal Herriko bidezidorra: Urkiagatik ondoan dagoen Auritzeraino.

Aise iritsiko zara Sorogainera gure elkarteak LINTZOAINen, MEZKIRIZTZEN eta BIZKARRETA-GERENDIAINen, dituen etxeetatik, arras kilometro gutxira kokaturik baitaude.


Partekatzea:
Share