Artziko Santa Mariaren baselizaz

Iglesia románica de Santa María de Arce portada

Inork miretsi nahi badu erabateko isiltasunean Nafarroako landa eremuko arte erromanikorik benazkoena Artziko Santa Mariaren baselizaraino etorri beharko du.

Nagoretik arras hurbil (Artzibarko hiriburua), inguru baztertu eta bakartian, landa erromanikoaren bitxi hau aurkituko dugu, XII. mendean eraikia, eta Sortzez Garbiari eskainia. Zentzua du hementxe topatzeak, mendez mende jendea bazterrotan ibili baita, Donejakue Bideako bertzelako ibilbidea ere izan delako. Erromesek, horrela, ez zituzten igo behar Mezkiritz eta Erroko mendateetako aldapa latzak.

Urrobi errekak milaka urtean zizelkatua da inguruan duen paisaia, Labiako Mendiaren zaintzapean beti, aho zabalik utziko zaituena. Elizaren landatartasuna, neurri harmoniatsuak eta arkitektura trinkoa dira nabarmentzekoak, bai eta abside erdizirkular ederra ere. Kultur Intereseko Ondasuna izendatu zuten, 1984an.

KAPITELAK ETA HARBURUAK:

Atariko kapitelak eta erlaitzari eusten dioten harburuak dira bereziki deigarriak. Sarrerako kapiteletan, Kristo ikusiko dugu mandorlan, bai eta apostolu batzuk ere, leku sakratuan sartzeko harrera eginez.

Teilatuan, ordea, bizioak, bekatuak eta plazer arinak ikusiko ditugu, sorta ederra, gizakiaren joera mundutarrez mintzo. Munstroak eta deabruak, gizon bat upel batetik edanean, musikariak, sexualitateari buruzko aipamenak… Ikusiko duzue zeinen interesgarria den irudi bitxi horiek guztiak puska batez aztertzea, bakoitzak bere ondorioak atera ditzan.

Artzibarko webean. aurkituko dituzue arte adierazpenei buruzko argibideak. Halaber, Julio Asunción historialari eta turismo-gidariaren blogean. Zehazki, artikulu bat eta bideo txiki bat dauzka Artziko Santa Mariaren baselizaz.

Honaino iritsi bazarete, Lusarretako garaia ikustera joateko gomendioa eginen dizuegu. Landako eraikuntza mota hori ugaria izan da Aezkoa ibar mugakidean. Aleak hezetasunetik eta abereengandik babesteko erabiltzen ziren. Harrizko eraikina da eta bi isurialdeko teilatua dauka. Beheko atala erdi-puntuko hainbat arkuz osatua dago eta, goikoan, XVI. mendeko ataria dago, bolekin eta armarri batekin apaindua.

Gure landetxe hurbilenak Saragüetan eta Hiriberri Artzibarren daude.


Partekatzea:
Share