Kintoa nafar Pirinioetako oihanik handienetakoa da, liluragarria zinez. Are gehiago, udazkeneko hilabeteetan. Era aunitzetan gozatzeko moduko ingurua da eta, horregatik, Kintoak denetariko jendea erakartzen du: mendizaleak, ziza zaleak, argazkilariak, ehiztariak, txirrindulariak eta motozaleak. Ezinezkoa da liluramenduak ez harrapatzea
Kintoa toki-izena Erdi Arokoa da. Izan ere, XIII. mendean, artzainek “kinto” izeneko zerga ordaindu behar zieten nafar errege-erreginei larreak eta mendia erabiltzearen ordainez. Kintoa paradisua da. Lau milatik gora hektarea dira pagadietan, haritz eta gaztainondoekin nahasirik. Pirinioetako lau ibarrek dute ingurua zaintzeko ardura. Hauek dira: Erroibar, Baztan, Esteribar eta Aldude.
Ehunka errekastok bustitako ingurua da, Argaren iturburuaren lekua, eta behialako usadioen sorburua, hala nola usoa sare bidez ehizatzea. Fauna aberatsa da zinez, harritzerainokoa: batetik, usoak, belatz handiak eta saiak; bertzetik, orkatzak, basurdeak eta oreinak. Oreinen araldian, ikusgarria da egiazki haien orroak entzutea. Araldiak irail erditik urriaren bukaera bitarte irauten du. Ilunabarrean entzuten zaie batez ere, belaietara jaisten direnean.
Oihan honetan, halaber, gure historiako aztarnak daude gorderik. Izan ere, merezi du bisitatzea Eugiko Armen Errege Ola. XVI. mendean eraiki zen (Orbaizetakoa baino lehen) eta, oroz gain, kanoi eta arma txikietarako jaurtigaiak fabrikatu ziren. Abentura ederra da, halaber, gerraondoan eraikiarazitako bunker eta lubaki aunitzetako batzuk aurkitzen saiatzea, nonahi baitaude Kintoko bazterrek ezkutaturik eta abandonaturik.
IGOERA GOGOANGARRIAK
Kintoak berezko bi sarrera ditu. Bata, Urkiagako gaina da (bertan, Argaren iturburua dago) eta, bertzea, Artesiagako lepoa (goiko irudi handia). Halaber, ohiko sarbideak dira Nafarroako mendi mitikoetako batzuetara igotzeko. Horrela, Artesiagatik, txango klasikoa da Saioa igotzea. Kaskotik, izugarria da oihanaren ikuspegia. Urkiagan barna baldin bagoaz, Adi mendira joan gaitezke.
Ibilbide Handiko bi bidezidorrek gurutzatzen dute Kintoa, alderik alde. GR11k edo Pirinioetako Bidezidor Handiak, eta GR12k edo Euskal Herriko bidezidorrak (Kantauri eta Mediterraneoko uren banalerrokoa, hain zuzen ere).
Gure etxe hurbilenak Erroibarren daude (Lintzoainen, Mezkiriztzen, Bizkarreta-Gerendiainen eta Aurizberrin) inguru bakar honetarako bisita asko erraztuko dute, batez ere udazkenaren koloreekin janzten denean.
Fotos: ©MisEscapadasporNavarra.com