Proiektuak

Elkartean hainbat proiektu diseinatu ditugu talde txikietan lan egiteko eta gehien interesatzen zaizkigun gaiak lantzen hasteko:

Weba + sare sozialak

Gure inguruko albisteei ikusgaitasuna emateko, elkarteko lana ahalik eta gehien ezagutzera emateko, eta gure negozio guztien erakusleihoa izateko.

Podcast- Paisaia Soinudunak

Gida soinudunak prestatuko ditugu gure lurraldean egiten diren txangoak osatzeko. Leku estrategikoetan paratuta, gure ondarea eta gure historia sakonago ezagutzeko bidea emanen dute, eta halaber, gure paisaiak eta bazterrak interpretatzeko balioko dute.

Gastronomia

“Irati-orreaga” menu bat prestatu nahi dugu, gure inguruko jatetxeetan hemengo produktuak eskaintzeko, bai eta gastronomia goxoaren inguruan sortzen diren bertzelako proposamenak ere, arlo honetako prestakuntza ahaztu gabe.

Parke estalia eta aisiarako bertze leku batzuk

Gure ustez, inguru honek leku bat behar du aisiarako hainbat gune paratzeko, hemengo eta kanpoko publiko mota guztiendako. Leku horrek zerbitzu jakin batzuk eman beharko lizkiguke hemen bizi garenoi eta, aldi berean, gure ingurua erakargarria eta bisitagarria ere egin beharko luke behe-denboraldirako. Jendea elkartu eta “zerbait egiten” laguntzeko leku bat, euria eta elurra eginik ere, jendearen bisita osatuko duena.

Prestakuntza

Proiektu estrategikoa da eta hainbat mailatan garatuko da: lurraldea ezagutzeko ekintzak, zer egiten dugun eta zer daukagun jakiteko ekintzak (bisitak herri eta baliabideetara, gure negozioetara…), zerrenda batean biltzea gure elkartekideek egin nahi dituzten tailer eta ikastaroak , online esperientziak ikustea aisiarako parke estaliaren aukerak ikusteko.

Ingurunea

Gure lurraldea zaintzeko eta hartaz sentsibilizatzeko ekintzak egitea da proiektu honen xedea. Ekintza berriak proposatuz edota lehendik dauden haietan laguntza emanez, eta halaber, lurraldea eta ingurumena zaintzen dituzten elkartekideek sustatutako keinu txikiei ikusgaitasuna emanez.

Hedapena

Aurten abiarazitako hainbat ekintzei jarraipena emateko proiektua da, interesgarriak iruditzen baitzaizkigu lurraldean nor garen ezagutzera emateko, eta gure inguruko gainerako sektoreei gure lana erakusten jarraitzeko. Era berean, gure zerbitzuak sustatzeko bai bisitan etorriko zaizkigun turisten artean, bai jadanik gure artean egun batzuk pasatzen ari diren bisitarien artean. Hilean behingo agenda egiten segituko dugu; berriz ere, zozketa bat eginen da kontsumitzaileen artean; argazki-lehiaketa bat ere, eta herribideak bilduko dituen mapa bat plazaratuko dugu.

Erosketa zentrala

Aztertu nahi dugu zer-nolako abantailak izanen genituzkeen, produktu eta hornigai batzuk batera erosita. Horretaz arduratzen den taldea hasia da zehazten zein zerbitzu eta kontsumotan atera daitezkeen prezio eta baldintza hobeak. Benetako erronka da, aspaldian errana baita: “Denok elkarrekin, badugu zer egin”.

Partekatzea:
Share