2. SL-NA52C Plaza Beuntzako Bidea

Ibilbide ederra, jende guztiak egiteko modukoa, Irabiako urtegiaren hegoaldeko ertzean barna (Iratiko Oihana). SL-NA52C ibilbidea eta urtegiari itzuli osoa ematen dion 53C bidezidorra uztartuko ditugu urtegiko mihietako bat gainditzen duen oinezkoendako zubira iristeko. Goiko pista batetik itzuliko gara.

3 AUKERA

Tokiko bidezidor hau Irabiako presako hormatik hurbil dauden aparkalekuetatik abiatzen da. Orbaizetatik abiaturik, Mendilazko pista hartu, Arrazolako informazio gunea igaro eta 6 km-ko pista meharra eginen dugu, haraino iristeko.  Berriz ere pistara aterako gara eta, gure ezkerrean, urtegiari iparraldetik itzulia ematen dioten bi bidezidorrak utziko ditugu  (SL Urtegiko eta SL-etako Itzulia eta SL Paradisuak-Erlan). Gure eskuinaldean, beheiti doan bide bat hartuko dugu Irabiako presara iritsi eta horma gainaldetik gurutzatzeko. Urtegiari darion ura da Irati ibaiaren iturburua. Ezinezkoa da argazkirik ez egitea lakuaren ertz guztien inguruan diren oihanetako udazkenari edo udaberriari.

HASIERA PRESAN

Eskailerak igo ondoren, bidezidorrak Plaza Beuntzako parajean barneratuko gaitu. Hain zuzen, inguru horrek eman dio izena gure ibilbideari. Ongi markatua dago zuri-berdean. Urtegiaren hegoaldetik joanen gara, ia ura ikusi gabe. Desnibela gutxigatik da 100 m-tik gorakoa. Pago eta izei handi eta lerdenak dauden tokian sortzen den lokatzak bakarrik zapuztu diezaguke esperientzia, ia ez baita eguzkia sartzen. Bidea hasi eta gutxira, joateko bidearen eta itzulbidearen arteko bidegurutze aipatura iritsiko gara.  Joateko, beherago dagoen bidea aukeratuko dugu, uretatik hurbilago (ikusi mapa). Itzultzeko, berriz, 100 bat m gorago dagoen huraxe, eta hegoalderago ere bai. 2 km dira joateko eta hainbat erreka zeharkatuko ditugu; jakina, emariaren arabera, zailtasun handiagoa edo txikiagoa izanen dugu zeharkatzeko. Euri aunitz egin badu, ez da gomendagarria BTTn egitea. SL-52C bidezidorra (urtegi hegoaldea)  53C bidezidorretik (itzuli osoa urtegiari) bereizten den tokian luzatuko dugu gure txangoa, ibilbidearen erdialdean (2 km inguru), Antxorenako borda zahar hondatuaren ondoan.

ZUBIRA IRISTEA

700 metro inguru eginen dugu aitzina, harik eta bihurgune bat hartu eta urtegiko mihietako bat gainditzen duen zubietako batera iritsi arte. Zubiak bertze ertzera eramanen gaitu eta bigarren guardetxearekin lotua dago. Hortik eginen dugu gibelera. Hau da, 700 metro horiek eginen ditugu aurreko SL bidexkaren bidegurutzeraino; gero, pagadi ederrean goiti eginen dugu hegoalderantz eta 2012tik BTT ibilbideetarako markatua dagoen pista aurkituko dugu (SL gisa ere markatua dago). Presarantz itzuliko gara, mendebalderantz, eta azken tartean, bidexkan beheiti eginen dugu hasierako bidegurutzeraino, presaren ondoan berean. Bi aldeetan badira norabide-zutoinak. Handik, atzera eginen dugu harrobiko aparkalekuraino, ongi seinaleztaturik dauden eskaileretatik, beheko aparkalekutik igaro gabe, joandakoan bezala.

Luzera: 4,4 km
Desnibela: 90 m
Ibilbidearen tokirik urrutienean, zubi bat aurkituko dugu urtegiaren bertze ertzera igarotzeko.

NOLA JOAN AUTOZ abialekura:

Aparkaleku txikia moldatua dago Irabiako presara iritsi baino lehen. Onena da goiz jaikitzea, aparkaleku txikia baita.


Partekatzea:
Share