5. SL-NA 54C Paradisuak-Erlan

Bidezidor zoragarria da Irabiako ipar ertzeko oihanetan barna. Laburra eta familia guztiak egiteko modukoa. Nahi izanez gero, 2. itzuliarekin edo Plaza Beuntzako Bidearekin uztartu dezakegu.

Arrazolako Informazio Gunetik abiaturik,  Irabiako urtegiko parkingeraino dagoen pista asfaltatuan barna joanen gara. 6 km dira. Lehen edo bigarren aparkalekuan utziko dugu autoa, auto kopuruaren arabera (aunitz, udazken eta udaberrian).  Abialeku berdina da 1., 2. eta 4. ibilbideak hasteko. Hasiera, zehazki, harrobiko aparkalekuan dago, 845 m, Irabiako urtegiko hormaren ondoan. Lehen zatia erlojuaren zentzuaren kontra egiten baduzu, SL Irabiako Urtegiko Itzuliaren bide berbera da (gure 1.ibilbidea). Ibilaldiak Paradisuak izeneko parajeak zeharkatzen ditu. Toki-izen hori ederki emana dago, pagoak lerden-lerdenak baitira (2. argazkia). Ibilbidea, hasieran, urtegia inguratzen duen pista da. Tarteka, lakuko ura ikusiko dugu, oihanek ertz guztiak inguruz inguru hartuak dituztela.

 BIRA BIGARREN PARADISUAN

Bigarren paradisua erraten zaion lekura iristean, atera eginen gara Kontrasarion barna Iratiko Etxeetarantz doan pistatik, bidezidor bat hartuta. Aunitzez ere jende gutxiago dabilen bidexka da, eta hain zuzen, oihaneko argazkirik onenak aterako ditugu, pago miresgarriak baitaude. Bidexka Mozolotxiki edo Mozolo-txikia mendiko hegalean galtzen da, joateko erabili dugun kontrako norabidean. Hasieran, igoera neurritsua da eta gero hegal erdian joanen gara Ermuñoa izeneko lepo oihantsuraino, 940 m. Handik jaitsiera hasiko dugu, azkenean zertxobait latzagoa, Erlango errekara iritsi arte, bai eta Oihanera autoz sartu ginen pista berbera jo arte ere.

AKABERA ASFALTATUA

Azken metroak sarbideko pistatik eginen ditugu, eta luze-laburragoa izanen da, goizean autoa non utzi dugun. Lekua arautua dagoenez eta bisitari kopuru handia izaten denez, gure gomendioa da goizean goiz joatea eta, horrela, Arrazolako Informazio Gunean pasatzen utziko digute, eguneko bisitari/autoen edukiera mugara iritsi gabe.

Presa de Irabia en otoño en la Selva de Irati

Luzera: 4,3 km
Desnibela: 184 m
Zailtasuna: txikia

NOLA JOAN AUTOZ abialekura:

Aparkaleku txikia moldatua dago Irabiako presara iritsi baino lehen. Onena da goiz jaikitzea, aparkaleku txikia baita.


Partekatzea:
Share