Paisaietako soinuak

EUSKARA

Zalantzarik gabe, gaur egun, dena agudo egiten dugu, baita bidaiatzea ere. Argazki bilduma ederra egiten dugu gure bidaietan: monumentuak, lekuak, otorduak, zeharkatzen ditugun errepideak, etab. Hori dela eta, Irati-Orreaga Turismo Elkartean errepideak bertzela zeharkatzera gonbidatu nahi zaituztegu, eta bertzela bisitatzera monumentuak…

Polikiago bidaiatzera gonbidatzen zaituztegu, mendi-bazterrak goxo-goxo gozatzera, lurralde ezin ederrago hau ulertzera. Gizakiak moldaturik dago aspaldi-aspalditik, eguneroko lanen bidez, ingurunea ulertzeko moduaren bidez, azienda eta lurra zainduz…

Horretarako, paisaietako soinuen ibilbidea sortu dugu. Ibilbide egokia da zuek denboran bidaia egiteko, gure lurralde honetan historiaurretik gaur eguneraino bizi izaniko hainbat gizon-emakumeren kontakizunak entzuteko. Hona hemen:

Artzai, historiaurrean mendietan bizi izan zen artzaina. Ur, erromatar galtzadan lan egiten zuen hargina, Graziana, XVI. mendean erromes ospitale bat gobernatu zuen emakumea. Jesus eta Ignacio, gaztetan, kontrabandoan eta enbor-garraioan aritutakoak, hurrenez hurren.

Zatozte gurekin bidaia hau egitera eta piztu zentzumenak: utzi zuen irudimena dantzan, ikusi, ukitu, usaindu eta sentitzen dugun guztia hobeki ulertzeko.

Gureak ez diren lekuak bisitatuko ditugu, puska baterako bizi edo zeharkatzen ditugun lekuak; hamaika istorio kontatzeko dituzten lekuak, gu bezalako gizon-emakumeei buruzko istorioak, behin batez ibarrotan, herriotan, bizi izanikoak, edota bertzerik gabe, hemen barna pasatutakoak. Bizirautea izan zuten helburu, eta guk bezalaxe, zoriontsu izatea ere bai, ziur.

Josteta bat egitea proposatuko dizuegu. Hainbat istorio entzunen dituzue, zuentzat inspirazio-iturri izanen direlakoan lekuotan bertzelako istorioak sortzeko; pertsona, animalia, zuhaitz eta abarrei buruzko istorioak, alegia…

Zure istorioa kontatuko diguzu?

Artzibarko paisaietako soinuak

Aezkoako paisaietako soinuak

Luzaideko paisaietako soinuak

Orotz-Beteluko paisaietako soinuak

Erroibarko paisaietako soinuak

Paisaietako soinuen ibilbideari jarraitzeko aholkuak.

Onena da kontakizunak kaskoak paraturik entzutea.

Estaldura mugikorra nekez heltzen da bai Azpegiko gainera, bai Sorogainera. Hortaz, onena da ibilbideak deskargaturik eramatea eta lekuan entzutea.

Kartelak dauden tokietaraino iristeko, paisaia bakoitzaren geolokalizazio-mapak gidatuko zaituzte eta mapa horren barnean dagoen argazkiak ere bai.

Ibilbidea bortz puntutako edozeinetatik has daiteke, eta nahi bezalako hurrenkeratan

Bortz kartelek 2 QR dituzte; ezkerrekoa guztietan dago eta ongietorria ematen du. Eskuinekoa, berriz, leku bakoitzeko paisaietako soinua da.

Paisaietako soinuak euskaraz eta gaztelaniaz entzunen dituzue, aukeran.

Neguan, elurra egiten duelarik, arrunt nekosoa izan daiteke Azpegiko gainera eta Sorogainera heltzea; hortaz, ez da gomendagarria ibilbidea egitea.

Hiru pista asfaltatu daude Azpegiko gainetik Luzaidera joateko edo alderantziz; hirurak ere ederrak dira egiazki, baina bide-seinale gutxi dituzte.

Mila esker...

Lerro hauen bidez, gure esker ona eman nahi diegu “paisaietako soinuen” ibilbide hau egitea ahalbidetu duten guztiei.

Zalantzarik gabe, talde lana izan da, auzolana, eta bakoitzak bere harri-koxkorra ekarri du, zenbaitek beren borondatez, eta bertzeek, beren lanaren bidez.

Mila esker aunitz lagundu diguzuen guztioi; mila esker eskuzabaltasunez gogoz aritu izanagatik.

  • Ainara Landa Iroz, José Javier Uriz Monaut, Juan Mª Martínez Txoperena, Jesús Urroz,  Ignacio Beaumont Oroz, Suberri Matelo Mitxelena, Ainhoa Mendía, Oihane Mendizabal, Toti Martínez de Lezea, Karmele Galarza, Joseba Martinez, Juan Retegi, Jose Alberto Erburu eta Alicia Mendive.

Mila esker, halaber, Luzaide, Orotz Betelu, Aezkoa, Artzibar eta Erroibarko Udalei, QR kartelak paratzeko lekua uzteagatik.

Era berean, Irati-Orreaga Turismo Elkarteko jendeari, hau da, Luismi Montoya, Koldo Villalba, Lucrecia Sánchez, Ion Retegi, Patricia Carballo eta Adriana Marmauni.

TotimartinezIbilbideak ez luke batere zentzurik, gidoiak, grabazioak, etab. egin dituzten pertsonak gabe. Hortaz, haiendako guztiendako, mila esker.

Eta, zalantzarik gabe, MILA ESKER, bene-benetan, Toti Martínez de Lezea, arabar idazle ospetsuari. Izan ere, bere ahotsa utzi digu eta ederki erakutsi du hitzen jostalari liluragarria dela sarrera eder bat egiteko. Sarreran, lurralde miragarri honetara bertze ikusmolde batetik etortzera gonbidatu zaitu, herri eta ibar hauek goxo-goxo ahogozatzera, guztiak ere su motelean onduak baitira aspaldi-aspaldiko garaietatik honat. Gure lurraldeak aitzina jo baitu gerra, elur eta gudu guztien gainetik, eta oraindik ere, bizirik dirau.

Idazle emankorra da, gazteendako literaturan nabarmendua. Honatx hainbat liburu: Erregearen mezularia, Ilargiaren alaba, Antso Nagusia eta Heriotza harrigarria. Haurrendako letretan, berriz, Nur pertsonaia sortu du, bere bilobarengan berarengan inspiraturik. Horrez gain, zortzi ipuin plazaratu ditu, Bazen behin… bildumaren baitan.

Lanak euskarara, frantsesera, alemanera, portugesera, txinerara eta errusierara itzuli dizkiote. Hainbat hedabiderekin aritzen da lankidetzan, eta hitzaldiak ematen ditu unibertsitate, kultur elkarte eta ikastetxeetan.

Gaztelaniaz idazten du, Europako Erdi Ardoa ardatz harturik, eta batez ere, historian eta usadioetan begirada pausaturik.

Hona hemen zer liburu idatzi dituen:

Mila esker abentura honetan bidelagun izan zaituztegun enpresei:

Reyno de Navarra logo

Eta, azkenik, Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuari, haren diru-laguntza funtsezkoa izan baita gurea bezalako elkarte txikiak hau bezain ekimen handia gauzatzeko.

Partekatzea:
Share