Orbaizetako arma ola

Orbaizetatik iparraldera dago kilometro gutxi batzuetara, herritik aparte dagoen auzo batean, Frantziara doan pistan. Orbaizetako Arma eta Munizioen Errege Fabrika (Orbaizetako Ola) XVIII. mendearen akaberan eraiki zen, antzinako burdinolaren gainean.

Ez da harritzekoa ola Orbaizetan, egotea, inguruko zuraren aberastasuna ikusirik, eta kontuan harturik, gainera, badirela burdin meategiak, bai eta erreka aunitz ere. Arkeologia industrialaren adibide nabarmen hori Iratiko Oihan, hostotsuan dago gorderik, eta Karlos III.ak eraikiarazi zuen; izan ere, armak eta munizioak egiteko gune nagusi bat nahi zuen Koroak parte hartuko zuen ondoz ondoko gerretarako. Orbaizetako arma olak mende batez ere ez zuen iraun (1873ra arte), baina arras lan handia egin zuen (3.600 bonba ere fabrikatu ziren urtean); gainera, beti erasoak egin zitzaizkion eta hainbat aldiz ere su eman zitzaion.

Fabrikaz gain, herrixka bat ere bazegoen eta Sortzez Garbiari eskainitako eliza, estiloz neoklasikoa. 150 langile baino gehiago bizi izan ziren, familiak eta guzti, bai eta fabrika zaintzeko tropak ere.

2007az geroztik, Kultur Intereseko Ondasun izendatua dago eta zaharberritzeko proiektuaren zain dago. Bere osoan dago Orbaizetako udalerriaren barnean.


AUTOZ IRISTEKO MODUA

Leku horretaraino iristeko, Aezkoako NA-140 errepidea hartuko dugu, Aribeko desbideratzea jo arte  (Iratiko Oihana ageri da idatzirik).Bidegurutzetik, Orbarara iritsiko gara lehenik, eta, Orbaizetara, gero. Herri horretan, NA-2030 errepide meharrari jarraikiko gatzaizkio Larraun auzorat. Larraunera eta Irabiako presara joateko bidegurutze seinalizatua pasatuko dugu eskuinaldean. Desbideratu gabe, Olaren auzora iritsiko gara.

BERTZE ZENBAIT TXANGO

Auzoa gurutzatzen badugu, errepide meharra Frantziarat doa, Azpegiko lepoa zeharkaturik, eta gero, Organbidekoa. Abialeku aproposak dira Urkulu, Mendilatz eta Mendizar mendietara igotzeko, bai eta Arpeako leize ospetsua bisitatzeko ere. Autoetako GPS aunitzetan ez da azken errepide hori ageri; hortaz, erne ibili beharko dugu Olaren auzoan Azpegira joateko seinaleak ikusteko.


Partekatzea:
Share