Auritz
Auritz
Egunero, Frantziako Donejakue Bidean barna heldu diren erromesek gurutzatzen dute Aurizko karrika nagusia. Aurizko multzo historikoa Kultur Intereseko Ondasuna dago izendaturik, eta herria betidanik egon da Santiagora doan ibilbideari loturik.
Auritz XII. mendean sorturik, hasiera hartan Orreagako ospitaleko “burgua” izan zen (bi kilometro eta erdira doi), Europa aldetik -Pirinioak zeharkaturik- etortzen ziren erromes guztiak artatzeko. Merezi du zinez herrian barna lasai ibiltzea, ezker-eskuineko jauretxeei begira, haietako aunitz XVIII. mendekoak baitira, Frantziako Konbentzioaren gerraren ondotik berreraikiak.
Ingurunea eder-ederra da lasai paseatzeko, Urrobi errekaren bi aldeetan, hurritzez, lizarrez eta makalez inguraturik. Mendez mende aziendari lotua, iraileko feriak arras garrantzitsuak izan dira, XIV. mendearen hasieratik honat.
GOZA ITZAZU…
SAN NIKOLAS BARIKOAREN ELIZA
Errenazimenduan eraiki zen, eta Konbentzioko tropa frantsesek 1794an suntsitu zuten; beraz, berreraikuntza lanak egin behar izan zitzaizkion. Aitzinaldea Joan Miurakoak landu zuen 1699an eta gai herrikoiei buruzko erliebeen bidez dago apaindua. Fabrika-hormaren bolumena da nabarmentzekoa, den-dena harlanduz egina. Barnealdean, erretaula nagusia da harrigarria, barrokoa, bai eta 1612ko kanpai bat ere.
KANPOSANTUA
1964an eraiki zen ekialdera begira, Miguel Gortari Beiner iruindar arkitektoak diseinatua; hura arras ideia iraultzailea izan zen garai hartarako. Biziaren hasiera eta akabera ageri dira irudikaturik alfa eta omega letren bidez. Alfa, sarrerako atean. Omega, barrutiaren itxura obalatuarentzat. Hilarriak antzekoak egin ziren, eta etxe bakoitzak lursail berdina zuen, leku soil bana, kanpo apainketarik gabea. Disko-formako hilarri gehienak euskal molde tradizionalari jarraikiz eginak dira, Garraldako Jose Rota Orradre eskultore aetzak onduak.
2014an, estatuko 1. hilerri lehiaketako lehen saria irabazi zuen, Adiós Cultural aldizkariak antolatua.
SORGINKERIAREN ETA HEMINGWAYREN IBILBIDEA
Auritz turismorako bi ibilbide interesgarrietan dago sarturik. Lehena Sorginkeriaren bidea da, XVI. mendean Inkisizioak ikerketa sakonak egin baitzituen eskualde osoan. Auzia 1525eko ekainaren 29an bururatu zen, herriko plazan bururatu ere. Han, bortz sorgin gizonezko erre zituzten. Hura gertakari ikaragarria izan zen, mugaz alde bateko zein bertzeko jendea erakarrita.
Bigarrena Hemingwayren Ibilbidea da. Idazle amerikarra Sanferminen aitzinetik edo ondotik etortzen baitzen hona zenbait egunez atseden hartzeko, paisaiaz gozatzeko eta Irati ibairaino joateko, amuarrain arrantzan aritzen baitzen.
NATUR PARAJEA
Ingurune honetako natura gozamen hutsa da. Natura 2000 Sareko bi gune daude hein batean Aurizko lurretan, biak ere interes berezikoak: Irati, Urrobi eta Erro ibaietako ibai-sistema, eta Aldude mendia, arras mendi garrantzitsua baita hegazti migratzaileendako eta, gainera, bertako pagadi zabaletan espezie babestuak bizi dira, hala nola okil gibelnabarra eta okil beltza.
ARGIBIDEETARAKO
Eguraldia:
Zerbitzuak
Auritzeko Zerbitzuak :
- Okindegia/Kafetegia
- Denda
- Farmazia
- Jatetxea
- La Caixa
- Santander
BIDEAK ETA GALTZEKO BIDEAK
Herriaren ondoan Orreaga ospetsu-ospetsua dago, mugakide baitira. 70.000 erromes inguru, urtero, Orreagan lotzen zaizkio bideari. Kilometro gutxitan, Donejakue Bideak bidexka ederrean egiten du aitzina, paraleloa errepide nagusiarekiko, eta gure herriraino iristen da alderik alde gurutzatzeko, Aurizberrira jo baino lehen. Gainera, GR11k edo Pirinioetako Ibilbide Handiak ere zeharkatzen du gure herria, arras ongi balizatua eta zuri-gorriz margotua.
Hona hemen hainbat mendi-ibilbide Auritz inguruan egiteko:
Ruta 1
Ibañeta-Lindus-Auritz
Ibañetako gainetik abiaturik, errepidea gurutzatu eta hortxe bertan hasten diren GRren markak bilatuko ditugu, baita PR-NA30 Lindus bidexkakoak ere. Trackak eta mapak aldaera bat agertzen dute usategietan goiti igotzeko, baina igoera ez da horren pikoa Lindusko lepoko usategietara doan pista hartzen badugu. Bide eder batek igoko gaitu talaia bateraino; han, gotorleku txiki bateko lubanarroen aztarnak daude, bai eta zimenduak ere.
Hegoaldeko bizkarrean beheiti jaisten hasiko gara, harik eta hasieratik beretik jarraitzen ari garen PR bereko markak topatu arte. Ataloztiko kota pasatuko dugu, bai eta harrespil eremu bat ere, Uztarkertako leporaino. Han, GR11ko markak topatuko ditugu eta, haiei jarraikiz, lehenik, oihan sarrian barna, eta ondoren, tarte irekiagoetan gaindi, Aurizko inguruetaraino iritsiko gara.
Zelai baten ondotik, pistan eginen dugu aitzina GR65ekiko bidegurutzeraino. Gero, jatorrizko Donejakue Bidea har dezakegu (Kalonjeen bidea) Orreagara bitarte; beraz, PR-NA30 bidea osorik egin arte; edota, bertzenaz, Auritza ere joan gaitezke eta GR65eko itzulbide klasikoa hartu. Nolanahi ere, azken igoera labur baina latza geldituko zaigu, ordu erdikoa, Orreagatik Ibañetako gainera igotzeko, toki horretan hasi baikara ibilbide zirkular hori egiten.
Luzera: 14,4 km | Desnibela: 578 m | Zailtasuna: balizatua tarte aunitzetan |
---|
Ruta 2
Auritz-Orreaga-Hirupagoeta zirkularra
Hasieran, N-135 errepidean barna joanen gara erretegiaren, hilerriaren eta Guardia Zibilaren kuartelaren bidegurutzera iritsi arte. Han, ezkerretara eginen dugu etxalde eta nabe batzuetan barna eta, azken tartea oihanean sarturik, Orreagaraino helduko gara, hurbil baitago, betiere N-135 errepidea ondoan dugula. Orreagatik 500 m pasatxora, Erromesen Erdi Aroko Gurutzea ikusiko dugu bazterbidean. Orreagan, Karlomagnoren siloa eta Done Jakueren eliza polita ikusi eta gero, atzera egin eta, lehen ostatuan, auzoaren behealdera eginen dugu, SL-NA43 bidezidorraren hasierako panelaren ondoan, hots, Basajaunberroko Oihana eta Zalduako Bidea da. Hasieran, bidezidor horri jarraituko gatzaizkio; gero, erreka gaineko zubia igaro, Zaltuako bidea alde batera utzi eta metro batzuk urrunduko gara inguruko bi haritz monumentaleko bat ikusteko: Lancero. Ez daude, ordea, Monumentu Natural izendaturik.
Berriz ere ibilbidera itzulirik, Donibane Garazitik igotzen den Donejakue Bidea ezkerretara utzi eta zuzen eginen dugu Nabalako leporaino, ongi balizaturiko GRT-7.1 bidean goiti. Bidegurutze horretan, egina izanen dugu eguneko desnibelaren erdia. Orbaizetara sartzeko ataka igaro eta bizkarrean barna biratuko dugu, eskuinean tokiko ehiza-barruti gisa markaturiko pagadia dugula, Hirupagoetako kasko lauso eta belartsura iritsi arte. Ez dago zer tontor den erraten duen postontzirik, mugarritik, ez deus ere, gure GPSa izan ezik. Tontor aldeko azken alde hori Garraldako lurretan dago. Hurbil, harrizko gurutze bat ikusiko dugu, baina beherago dagoen sasi kasko batean.
600 m inguru eginen dugu gibelera, azken bidegurutzeraino, eta, orain bai, joandakoan ikusitako ataka gaindituko dugu, hots, Orbaizeta, Garralda eta Auritz artekoa. Pagadi ederrean barna jaitsiko gara, GR11ko marka argiak dituena, Aurizko inguruetaraino. Pista asfaltatua hartuko dugu zurezko azken zubi bat igaro arte, erreka gurutzatzeko. Parke batean sartu eta karrikaz karrika ibiliko gara, herri eder honetan barna.
Luzera: 11,6 km (joan-etorria) | Desnibela: 271 m (joan-etorria) | Oihaneko bidezidorra eta hainbat norabide-aldaketa. |
---|
GR11 Pirinioetako Bidezidorra (2 etapa):
Gure herria Urkiagako lepotik heldu den 4. etaparen bukaera da, eta Aezkoako Hiriberriraino doan 5. etaparen hasiera. GR65 Donejakue Bidea IRIBARREN XTREM BTT MARTXA Urtero, irailean, Iribarren Xtrem BTT herri martxa egiten da. Web ofiziala: IribarrenXtrem BERTZE BTT IBILBIDE BATZUK:
– GR11ko 4. ETAPA: Urkiagatik Auritza: fitxa irakurri eta tracka deskargatu hemen
– GR11ko 5. ETAPA: Auriztik Aezkoako Hiriberrira: fitxa irakurri eta tracka deskargatu hemen Ruta 3