Aribe
Aribe

Aribe bezalako herriei lasaitasuna darie alde guztietatik eta paisaia, egiazki, zoragarria da. Goitik behera liluratuko gaitu. Aezkoako bihotzean kokaturik, nafar Pirinioetako ingururik ederrenetakoa da.
Harro erakuts ditzake naturak eskaini dizkion bi altxorrak, horiei esker baita aziendari, nekazaritzari eta oihangintzari lotutako herria. Batetik, Iratiko Oihanaren hurbiltasuna eta pagadi nahiz harizti handiz inguraturik egotea, haietan galtzeko; bertzetik, Irati ibaia, etxeen antolaera baldintzatu duena eta zubi erromaniko bikainari zentzua eman diona.
Handik kilometro batera-edo, ibai ondoan, oraindik ere agerian daude antzinako bainuetxearen hondakinak, XIX. mendearen erdialdean eraikia, Iturrialdean dagoen iturri sendagarria aprobetxatzeko. Han, Ernest Hemingway aritzen omen zen arrantzan, zuhaitz baten ondoan jarrita, bere hiruzpalau kanaberarekin, Irati ibaiaz eta amuarrainez maitemindua baitzegoen. Hori bai, zumitzezko saski batean janaria eta garagardo sorta ederra eramaten zituen. Ez da harritzekoa, ezta?
GOZA ITZAZU…
IBILALDIA ARIBEN BARNA
Etxe guztiak ibai bazterretan eraikiak daude. Guztiek ere eutsi diote iraganeko zaporeari. XVIII. mendeko etxebizitzak ikusiko dituzue, bi eta lau isurialdeko teilatuak, eta erdi-puntuko arkua duten ateak. Elizatik abiatzen den karrikan, adibidez, 1795eko etxe bat ikusiko duzue, mende horretako armarriarekin, eta 1878ko bertze bat, inskripzio batekin.
Merezi du Sortzez Garbiaren elizan behako bat egitea, 1943an estilo neogotikoan eraikia. Parrokia barnean, San Joakinen eta Ama Birjina Neskatoaren taila bat dago, XVIII. mendeko lan barrokoa, San Joakin ermitan zeudenak (santu hori ibarraren zaindaria da). Maiatzean, herri aunitzek erromeria egin ohi dute ermitara, eta ermitauaren etxea oraindik ere baselizari atxikia dago.
ERDI AROKO ZUBIA
Hobekien kontserbatutakoa da inguruko guztien artean eta egiazko ikurra da inguru horretan. Izan ere, arras hurbil, Ibarreko Batzarretxea dago. Egitura deigarria du, erdi-puntuko hiru arku ezberdin, eta triangelu-formako bi horma-bular. 50 m-ko luzera du eta, gehienez, 3,20 m-ko zabalera.
DOMENCH ETXEKO GARAIA
Ibaitik hurbilxko dago eta handiena da Aezkoan gorde diren 15 garaien artean (36 m² inguru). Domench Etxeko (1817an datatua) garaiari hainbat aldaketa egin zaizkio urteen joan-etorrian, baina igartzen zaio zertarako eraiki zuten, hots, bihiak gordetzeko. Aezkoako garaien (gareak) egitura bitxiari esker, bihiak hezetasunetik eta karraskariengandik babesturik zeuden.
ERROTA ETA LEIZEA
Orbarako bidean, 1852ko errota agertuko zaigu. Ongi kontserbaturik dago eta bi ehotze-joko ditu, bai eta ubidea, uhateak eta errotarriak ere. Arras hurbil, Aizpeako leizea aurkituko dugu; hau da, harpe bat da eta Nafarroako arkeologia-aztarnategirik bitxienetakoa da. Izan ere, duela 8.000 urte inguru hildako emakume baten hezurdura agertu zen. Gaur egun, emakumea aurkitu bezala dago ikusgai Nafarroako Museoko Historiaurreko aretoan.
ARGIBIDEETARAKO:
www.aribe.es
www.valledeaezkoa.com
Eguraldia:
Zerbitzuak
Aribeko zerbitzuak:
- Gasolindegia/Denda
- Supermerkatua
- Farmazia
- Jatetxea
- La Caixa
- Caja rural de Navarra
- Turismo bulegoan
Mapa kokapena
Hiriburu batzuen eta Iruñea arteko distantzia:
Bartzelonatik: 438 Km
Bilbotik: 158 Km
Logroñotik: 89 Km
Madrildik: 408 Km
Donostiatik: 92 Km
Gasteiztik: 93 Km
Zaragozatik: 175 Km
Autoz eginen duzun ibilbide zehatza kalkulatze aldera, sakatu HEMEN eta sartu zure abiapuntuko herria.
BIDEAK ETA GALTZEKO BIDEAK

Aezkoaren erdi-erdian dagoenez, eta Iratiko Oihaneko mendebaldeko sarretatik 6 km-ra bakarrik, Aribe egiazko paradisua da naturako jarduerak egiteko, hala nola mendian eta bizikletaz ibiltzeko. Donejakue Bidearen ondoan gaude, eta ondoan ere dugu bai Erronkaribar, bai monumentu megalitiko aunitz, bai Arpeako leizea, bai Orbaizetako Arma Ola… Nondik hasiko gara?
Ibilbide hauek proposatuko dizkizugu:
Ruta 1
Mila urtetik gorako haritza, Garaioa
Behin Aribe gurutzaturik, Garaioako errepideko zubi zaharraren ondoan, bazterbide txiki bat aurkituko dugu autoa uzteko. Metro gutxira, hormigoizko pista bat abiatzen da esku artean darabilgun SL-NA53A bidezidorreko markekin. Balizak paratu berriak dira, eta bidexkak arazorik gabe eramanen gaitu zuhaitzeraino, 12. Monumentu Naturala da, 2009an izendatua. Pistan goiti eginen dugu, bihurgune itxi batean dagoen ur-biltontzi txiki eta zentral elektriko bateraino. Gero, kontrako bihurgune bat, eta norabide zuzena hartuko dugu Oihanbidean barna, lehen bidegurutzean eskuinera egin arte.
Handik gutxira, Bainuetxea adierazia duen desbideratzea hartuko dugu. Bidexka bihurgunedun baten ondotik, Aribeko bainuetxe zaharraren hondakinetara iritsiko gara. XX. mendeko 30.eko urteetara arte egon zen zabalik. Ibai bazterreko bidexkan aitzina eginez, bertakoek “esklusa” erraten dioten presa bitxia ikusiko dugu. Itxi eta ireki egiten zuten, Iratin beheiti garraiatzen ziren enborrei bidea emateko.
Bidexka beretik itzuliko gara pista nagusira, marka zuri-berdeei jarraitzeko. Inolako desbideratzerik hartu gabe, bertze kilometro bat eginen dugu aitzina, bigarren desbideratzeraino; pistarekin paraleloa den lasterbide bat da eta, bide-tarte polita goiti eta beheiti egin ondoren, Monumentu Naturala agertuko zaigu, hutsa barnetik eta, orain, adar gutxirekin. Itxuraz, bizigabea. Azalpena ematen duen idazkuna du. 100 m-rengatik bada ere, zuhaitza Garaioako dermioan dago.
IRAKURRI ZUHAITZAREN FITXA OFIZIALA PDFn
Luzera: 3,6 km (ida) | Desnibela: 151 m | Zailtasun txikia. SL balizatua |
---|
Ruta 2
SL-NA54A Aezkoako Bide Zaharrak
Tokiko bidezidor zirkular honek Aezkoako Aribe, Hiriberri eta Garaioako udalerriak zeharkatzen ditu, eta ongi egoten da ibiltzeko, Aezkoako Udalak urtero udan sasiak garbitzeko egiten duen lanari esker. Bidezidorraren hasiera Ariben dago, eta autoz edo oinez San Joakin ermitara joko dugu. Baseliza, zehazki, Hiriberrira garamatzan tokiko errepideko desbideratze ongi markatu batean dago.
Aparkatu ondoren, nahi dugun norabidean helduko diogu bidexkari. Bide erdian, puska batean, Garaioatik abiatzen den Artetxeko Leizeak SL-NA59A bidezidorrarekin batera doa. Onena da eguraldi idorra dagoenean egitea, edo ez egitea uhaldietan edota elurraren urtzaldietan, hiru erreka gurutzatu behar baitira, bai eta ibai-bidexkako hainbat tarte ere. San Joakin ermitatik abiaturik, pixka bat gibelera egin eta Aribetik Hiriberrira doan bide zaharra hartuko dugu, ehun urtetik gorako harrizko horma batzuen gainean. Errepidera atera eta 3. zutoinean (Hiriberri-Garaioa bidea), Hiriberrirantz hartuko dugu errepidea eta, bihurgune baten ondotik, bidexka bat herriraino. Herria gurutzatu eta pista zabal batean barna jaitsiko gara ur-biltegi bateraino, eskuinean.
Bidexka lauan jarraituko dugu eta, Artekiko erreka gurutzatu eta gero, ezpel, haritz eta pagoen artean igoko gara. Gero, 1. bidegurutzeraino jaitsi eta ezkerretara joko dugu, Garaiorantz. Betondoko erreka igaro eta gozo-gozo igoko gara soroen artean. Pilotalekutik, errepidera atera eta bi aldiz jarraian biratuko dugu eskuinera pistan barna, pisten bidegurutzera iritsi arte. Ezkerretara, beheiti segituko dugu, alorrak eta erreka gurutzatuta. Haritzen arteko igoera leun baten ondotik, Aribeko errepidera iritsi, ezkerrera biratu eta gure hasierara itzuliko gara.
Luzera: 5,8 km | Desnibela: 191 m | Ibai-bidexkak ez dira euritean edo urtzaldian egin behar. |
---|
Ruta 3
Ariztokiko behatoki naturala
Ez galdu berezko behatoki hau ikusteko aukera. Haitzen gainean dago, Artzibartik Orotz-Betelun barna heldu eta Auritza doan errepideko bihurgune itxi batean. Bortz minutu bakarrik dira oinez, Aribe eta Irati ibaia gure oinetan daudela. Bertze ikuspegi bat izateko, gain hartatik Aribe ikusiko dugu, Irati ibaia pagadi baten erdian aitzina eginez, eta zortea baduzu, sai aunitz ikusiko dituzu haitzen inguruan zokomiran, gutaz ohartu gabe.
Automobilarendako koordenatuak: N42.94020° W1.27924°
Agoitz-Auritz NA-2040 errepideko 21,5 km, Iratiko Oihanerako norabidean.
Aribetik, 2,3 km dira errepidez Iruñerako norabidean, Orotz-Betelun barna. Garraldako mugan dago.