6. SL-NA51C Azalegi eta San Esteban ermita
Arrazolako Informazio Gunetik abiaturik, tokiko bidezidor honek ibarrean goiti egiten du Orion aldera, pistarekin eta errekarekin paraleloa den bidean gora. Gero, Azalegi mendiko kaskoraino iritsi eta, jaitsieran, San Esteban ermita ondotik pasatzen da.
Bidexka zer norabidetan egiten dugun, erne ibili beharko dugu, balizak ez baitaude ongi paratuak bi norabideetan. Bidexka, dena den, argia da eta arazorik gabe jarraituko diogu, mendiko zentzu pixka batekin. Ibilbideak Azalegiko kaskoraino igotzea du xede bazkalekuetan goiti.
ABIALEKUA ARRAZOLAN
Arrazolan (Arrazolako Garbia) autoa utzi eta oinez hasiko gara bidexkan gora, lehenik Arrazolako errekako ezkerreko ertzetik, eta laster, eskuinekotik, ekialderantz betiere (Oriongo lepoa), harik eta Orionziloko aska edo iturrira iristen garen arte. Hurbil eta paralelo doa Irabiako presarantz (6 km) igotzen den pista eta, horregatik, harat igotzen diren autoen hotsa iritsiko zaigu. Hasieran ikusiko ditugun balizak eta SL Anbulolatz bidezidorrarenak berberak dira. Zutoin batek SL NA-51C eta 50C bidezidorretara joateko bidea adierazten du, hau da, Anbulolatz edo Hiru Besoko Pagora doan bidexka. Askaren ondotik, bidexkak poliki-poliki egiten du hegoalderantz eta toki irekira iristen da, Orionetik hurbil. Oraintxe heldu da eguneko desnibelik handiena, hau da, Azalegi mendiko azken bizkar belartsuak igo beharra, betiere errekan generaman kontrako norabidean. Bi tontor ditu, 1.156 eta 1.161 m-koak. Inguruetan, Gerra Zibileko bunker edo zementuzko tunel bat dago.
Gisa horretako aunitz daude Nafar Pirinioetan, errefuxiatuek Frantziara ihes ez egin ez zezaten, eskasia handiko urte haietan. Sekulako ikuspegiak daude: Ori, Belagua, Mendizar (Iratin ere bai), Ezkanda, Mendilatz, Abodi, Iratiko Oihana (beheko 2. eta 3. Argazkiak), etab.
JAITSIERA
Kaskotik, Sanduburuako bidexkarik erabilienak bilatuko ditugu, ez dira oso argiak baina senari jarraituko diogu, harik eta San Esteban ermita topatu arte (eskuineko irudia), 1960ko hamarkada inguruan eraikia. Kanpoan mahai bat dago. Ermita barnealdea garbia dago eta sar daiteke. Arrazolara jaisteko, gure eskuinean dagoen alanbrada ondoko bidea hartuko dugu, leku irekiraino, eta azienda aska txiki bat ikusiko dugu. Aitzinera eginik, pasabidea duen bertze langa bat gurutzatuko dugu, eta bide bat aurkituko dugu oihan irekian, ezkerretan alanbrada dagoela. Bertze seinale batek eskuinaldera egiteko adieraziko digu, oihanean sarturik; erreka txiki bat gurutzatu dugu, baita aise pasa daitekeen bertze langa bat ere, lehen aldiz Arrazolako errekara iritsi arte. Zurezko zubia eta berriz ere Arrazolara iritsiko gara.
Fotos: ©Robertizas

Luzera: 6,4 km |
---|
Desnibela: 350 m |
Zailtasuna: Tarteren batean, bidexka ez dago hain argi, mendi-hegaleko lurralde motaren ondorioz. |
NOLA JOAN AUTOZ abialekura:
Arrazolako Informazio Gunea (urtaroaren araberakoa): aparkalekua eta Iratiko Oihaneko sarrera. Tasa bat ordaindu behar da auto bakoitzeko, Irabiako presaraino joan nahi baduzu.