Ibilaldia Arpeako Leizera

Arras ibilbide erraza da, familia guztiarendako egokia. Izan ere, haraino hurbiltzeko pista asfaltatu da eta, orain, 900 metro laburreko ibilaldia bertzerik ez da.

Txangoaren hasiera aurkitzeko zailtasunik handiena da Orbaizetatik eta Arma Olatik Iratiko Oihanera doan pista aurkitzea. Errepide-mapa gehienetan ez da ageri autoz joateko moduko pista denik, baina duela zenbait urtetatik honat, autoz ere joan gaitezke.  Horrela,  Orbaizetatik abiaturik, Orbaizetako Arma Olarantz doan pista hartuko dugu. Ola Arpeako ibilaldia egin aitzinetik edo ondotik  bisitatu dezakegu. Bide mehar eta asfaltatua da, eta Azpegiko aterpe librearen ondotik pasatzen da izen bereko leporaino eta, gero, Organbideko edo Iropileko leporaino. Frantziarekiko muga da. 212. mugarria.

HELBURUA: ORGANBIDEKO LEPOA

Inguruetan, aztarna megalitiko aunitz daude barreiaturik, eta haien artean, harat-honat, harrespil franko.  Leporaino igorik, altuera galdu gabe joanen gara muga ondoan, baina Frantzian sarturik, eta kartel batek adieraziko digu eskuinaldera hartu behar dugula Arpeako leizera joateko. Lehenago, Frantziako bide hori ez zegoen asfaltaturik eta denbora gehiago behar zen txangoa oinez egiteko, 4 km inguru baitziren Organbidetik leizeraino bertaraino (bidezidorreko azken 900 metroak). Gaur egun, gure esku dago aukera laburra hautatzea, hau da, kilometro 1etik beherako bidezidor meharra egitea mendi-hegal pikoan, edota urrunxeago aparkatzea eta amildegiaren zolan (Nafarroa Beherea) diren ikuspegi zoragarriak gozatzea, hantxe sortu baita tolestura geologiko bitxi hori.

ABELTZAINTZA ERABILERA

Egun, inguruko artzainek etxola baliatzen dute artaldea gordetzeko. Amildegira jaisten den bidexka beretik eginen dugu itzulera, bide bakarra baita, Errobi ibaia osatzen duten errekasto aunitzetako bat gurutzatzen duena. Bitxikeria gisa, zer kartografia kontsultatzen dugun, leizea nafar lurraldean edo Frantzian kokaturik dago, muga ondoan baitago, 218. mugarriaren ondoan. Sitnan, leizea herrialde batean edo bertzean ageri da, zoomaren eta ikusitako geruzaren arabera.

ARMA OLA

Behin ibilaldia eginik, Orbaizetako Arma Ola bisitatu beharra dago.

Luzera: 1,8 km-ko joan-etorria, pista bukatzen denetik
Desnibela: 120 m, Organbidetik
3,1 km autoz eta 0,9 km bidezidorrean

NOLA JOAN AUTOZ abialekura:

Google Mapsek markatzen ez badu ere eta lehenago bukatzen bada ere, errepide meharra Azpegiko (Urkulura joateko) eta Organbideko (Arpeara joateko) lepoetaraino igotzen da eta Orbaizetako Olan ongi seinaleztaturik dago.


Partekatzea:
Share