Abeltzaintza
Herriotan eta ibarrotan barna bazabiltzate, behor, ardi eta behi saldoak ikusiko dituzue bazkaleku eta pentzeetan, beren kasa. Horiek orok gure paisaia osatzen dute; aziendari esker, belarrak oihanen artean egiten du bidea, oihanak garbiak eta biziak daude…
Ikusten dituzuen behor eta zaldi gehienak Auritz arrazakoak dira, hau da, handiak, sendoak; arraza hori hotzera eta eurietara dago egokitua… eite ikusgarria dute, eta udako pentzeetan lauhazka dabiltzanean, haien indarra dago agerian.
Behiak Pirinioetako arrazakoak dira; ama onak dira, udaberrian aratxeak arretaz zaintzen dituzte; eta “ardi adardunak” gure latxak dira, mutur zuriak eta mutur beltzak. Esne krematsua ematen dute, inguru honetako gaztak egiteko erabilia, baina era berean, Idiazabal, “Erronkari” eta Frantzia aldeko Ossau-Irati gaztak ere.
Hortxe daude, halaber, abeltzainak (gero eta gutxiago), azienda hori guztia ahalegin betean gobernatzen; lan gogorra da, beharrezkoa denondako. Hortxe ikusiko dituzue azienda pentze batetik bertzera mugiarazten, itxiturak konpontzen, ukuiluak garbitzen, amak jezten… Arras jende gutxik maite duen lanbidea, ahalegin handia egin behar baita, baldintza latzak dira, jaiegunetan ere lan egin beharra… baina ederra eta beharrezkoa da lurralde honetako kide izatea, paisaia bizi honetan bizirik jarraitzea, eta haiek badakite.