Iratiko Oihana
La Iratiko Oihana ekialdeko nafar Pirinioen bihotzean dago, Aezkoako iparraldean; egiazko paradisua da zentzumenentzat.
Sekulako pagadi-izeidia da, Nafarroarako hauspoa, balio ekologiko paregabekoa. Diren eta ez diren argi eta kolore joko guztiak oparitzen dizkigu, urtaroz urtaro. Aise liluratuko gaituzte udazkeneko oihan gorri eta okreek, bai eta udaberriko berdetasun minari darion freskurak ere. Faunaren eta landareen oparotasuna, erreka eta errekastoei darien bizitasuna; horra naturak eskaini digun altxor preziatua, nahitaez ezagutu beharko duzuna. Iratiko Oihana arnasa hartzeko baitago egina, oinez ibiltzeko, gozatzeko, sentitzeko…
Orreaga
Orreaga, beharbada, Donejakue Bideko lekurik ospetsuena da, Santiago de Compostelaren atzetik. Europako karrika Nagusian bideari lotzen zaizkion bost kontinenteetako erromesek zeharkatzen dute.
Orreagak ondare ikusgarria dauka historian, elezaharretan, kulturan eta artean. Leku ospetsua da zinez, Donejakue Bidea Estatuan hasten duten erromes gehienek Nafarroako leku hau aukeratzen baitute. Leku honetan gertatu zen, halaber, Karlomagnoren porrot handi hura, hamaika aldiz kantatu eta kontatu den bezala…
ELKARTEAREN ALBISTEAK
IRATIKO OIHANEKO AGENDA ETA JARDUERAK
Hileroko jarduera agenda
Gutxi gara, baina jarduera anitz antolatzen ditugu gure historia, natura eta bertze ikasi, erakutsi eta gozatzeko.
INGURUNE PAREGABEA, INGURUNE BIZIA
GURE ILUSIOAK IRATIKO OIHANEAN
Zerbitzu eta establezimendu horien atzean gaude, dakigun modurik onenean zuei arreta egiteko, bai eta hona etortzea, gu bisitatzea, leku hau zaintzen laguntzea eta hemen bizitzen segitu ahal izatea eskertzeko ere.
Honatx Nafarroako iparraldea, dena da ibar eta oihan, pago eta izei, usain eta kolore, urtaroekin batera aldatuak eta haietara egokituak; hemen ere Pirinioak daude zut, Iratiko Oihana, Aezkoa eta Zaraitzu ibarren artean kokatua, natur erreserba garrantzitsu baten habia, hots, Europa guztiko pagadi-izeidirik handiena eta hobekien kontserbatua, Alemaniako Oihan Beltzaren ondotik. 17.000 hektareako oihana, ia birjina, Nafarroako Pirinioen erdi-erdian. Leku liluragarria, naturarekin xarmanki bat egina, indarberritzeko, zereginak eta presak ahazteko, eta mendi-ibilbiderik onenak gozatzeko. Eta Oihanera sartzeko ateetan, teilatu pikoko harri harriztatu anitz, tximinia eta tradizio usaina dariela: Orbaizeta, Orbara, Aria, Aribe, Hiriberri, Garaioa, Abaurrepea eta Abaurregaina, Jaurrieta, Otsagabia, Ezkaroze eta mendiko bertze zenbait herri, guztiak ere postalik ederrenetan agertzea merezi dutenak.
Zer ikusi, non lo egin, zer jan, edo zer jarduera egin ditzakezun. Inguru honetan Iratiko oihanaren sekretuak ezagutuko dituzu, gure gidek lagundurik; halaber, pagadietako orbelaren gainean ibiltzeaz gain, pentze eta bazkalekuetan azienda bere kasa ikusi eta hegazti migratzaileen pasaeraz gozatuko duzu Lindusko lepoan… Bidaiariak sekulan atzenduko ez dituen oroitzapenak Nafarroako eta Europako paisaiarik ederrenetako batean.
Inguruko ostatu guztiei buruz behar den argibidea duzu eskura gure webean, prezioak kolko guztietarako egokiak direla. Izan ere, baditugu landa-etxeak, kanpinak, aterpetxeak, hostala eta apartamentuak 6 ibarretan barna barreiatuak: Luzaide, Auritz, Erroibar, Artzibar, Aezkoa eta Orotz Betelun. Hala gau baterako etortzen bazara, nola familiarekin batera, koadrilarekin lagunartean… Halaber, gomendatuko dizugu zer leku erreserbatu ditzakezun Irati eta Donejakue Bidearen inguruan, ibarrotan jateko eta hemengo gastronomiaz gozatzeko. Nabarmentzekoak dira egur gainean erretako txuletak, bildots-saiheskiak, gisatuak, onddoak eta zizak, etxeko postreak, ardi gazta artisauak …
Web honen bidez, halaber, bertzelako jardueretara hurbildu nahi zaitugu, ibarrean biziko duzun esperientzia paregabea izan dadin. Informazioaz gain, bertzelako ibilbide eta jarduerak proposatuko dizkizugu, ez horren ezagunak beharbada, baina ikusi beharrekoak. Hala nola, garaien (gareak) ibilbidea, hau da, Aezkoako eraikuntza bitxiak dira (Nafarroan diren 22 garaietatik 15 Aezkoan baitaude). Bihiak gordetzen ziren, lurretik urrun, karraskariengandik eta hezetasunetik babesteko. Webgune honetan, halaber, gomendatuko dizugu megalitoak ikustea, gure inguruan historiaurreko megalito-estazio garrantzitsuak baitaude; gure ibarretakoen artean, Azpegiko lepoko harriak nabarmendu behar dira. Orbaizetatik iritsiko gara haraino. Eta Sorogaingo megalitoen ibilbidea ere aipatuko dugu, Auritzen eta Orreagan estreinatu berri den bunkerren bidea atzendu gabe.
Eta Aezkoako historian barneratzen jarraitu nahi baduzue, disko-formako hilerrien museoa ikusi beharra dago. Erdi Aroko hilarriak dira, oparo apainduak, Abaurregainan, Nafarroako kanposantu multzorik aberatsenetakoa. Bisitariak xehetasun guztiak izanen ditu eskura sinbolo erlijioso eta pagano guztiei buruz, bai eta historian barna harriz egindako artean erabili diren teknikei buruz ere.
Toki erakargarri ezagunagoak ere badira, hala nola Orbaizetako Arma Ola, burdinola zahar baten gainean XVIII. mendearen akaberan eraikia eta Kultur Intereseko Ondasun izendatua. Eta jakina, hortxe dugu Orreaga, hantxe bertan Nafarroako errege Antso VII.a Azkarra gogoangarria ehortzia baitago. Bere osoan da ederra Orreaga, arkitektura multzo ikusgarria, bortz kontinenteetako erromesak erakartzen dituena. Ziurrenera, gainera, bigarrena da Donejakue Bideko lekurik ospetsuenen artean, lehena Santiago de Compostelako katedrala baita.
Ezagutu Nafarroako Pirinioetako txoko liluragarri hau, eta bizi ezazu hemengo kulturaren, gastronomiaren nahiz jendearen bidez, bai eta ibarrez, mendiz eta oihanez jantzitako paisaia zoragarrien bidez ere. Jo guregana eta behar duzun argibide oro emanen dizugu!